M8 Manifestua

Emakume kazetariok planto
Kazetaritza eta komunikazio arloetako emakume langileek bat egiten dugu M8ko grebarekin.

Hamaika hedabide eta komunikazio agentzietako, prentsa-bulegoetako, eta, oro har, kazetaritza enpresetako emakume langileok martxoaren 8rako deitu den greba babesten dugu. Era berean, ahal duten neurrian mobilizazioekin bat egiteko eskatzen diegu kide guztiei.

Gainontzeko lan arloetako emakumeek pairatzen duten matxismo berbera sufritzen dugu guztiok – prekarietatea, lan ezegonkortasuna, soldata arrakala, kristalezko sabaia, sexu jazarpena edo gutxiespena- baina gure lanbideari lotutako berezitasunekin. Gure lanak duen garrantzi sozialaz jabetzen gara eta, hori dela eta, hedabideek sarritan erakusten duten errealitatearen ikuspegi partzialarekin eta emakumeen ekarpen eta presentzia faltarekin arduratuta gaude. Kazetaritza hobetzeko ere beharrezkoa da feminismoa.

Horregatik, martxoaren 8 honetan gure aldarrikapenak kontuan har ditzaten exijitzen diegu hedabideei eta kazetaritza-enpresei:

  1. Soldata arrakala gure sektorearen errealitate bat da. Honekin bukatu ahal izateko, soldaten inguruko gardentasuna eta kategorien, gehigarrien eta irizpide profesionalen berrikuspena exijitzen diegu enpresei.
  2. Kristalezko sabaia. Komunikabide eta kazetaritza-enpresen zuzendaritza postuak gizonek hartuak dituzte. Botere eta erantzukizun postuak betetzeko daukagun eskubidea eta lanpostuen promozio profesionaletan gu aintzat har gaitzaten aldarrikatzen dugu.
  3. Prekarietatea. Gure lankide gizonezkoek baino behin-behinekotasun maila altuagoa pairatzen dugu. Era berean, emakume lankide freelance eta autonomo faltsuen lan ezegonkortasuna salatzen dugu, azken urteotan ohikoa egin den prekarietate egoera bat delako.
  4. Erantzunkidetasuna eta zaintzak. Lan dinamikek presentismoa eta libre xedapena lehenetsi eta pertsona orok duen zaintza beharrekin zerikusirik ez dutela salatzen dugu. Uste dugu erantzukidetasunak eta malgutasunak ez dutela borondate kontua izan behar, baizik eta zeregin hauek emakume eta gizonen artean banatu daitezen enpresek bere gain hartu behar duten lehentasun bat. Beste sektore batzuetan gertatzen den bezala, benetako kontziliazio baten gabeziak emakumeak kaltetzen ditu gehien, zaindu ahal izateko euren ordutegiak moldatzen edo murrizten dituztelako, lanbidez aldatu edo lana uzteraino.
  5. Sexu eta lan jazarpena. Emakume kazetari askok sufritu dituzte sexu jazarpen egoerak, bai lankide edo nagusiengandik, baita iturriengandik ere. Bestalde, destaina, etorkortasuna, paternalismoa eta mansplaining-ak eguneroko ogia dira erredakzioetan eta gure eguneko jardunean. Komunikazioaren profesional gisa online bidezko jazarpena sufritzen dugu, gure piezetan komentario bortitz eta matxistak jasotzeaz gain.
  6. Iritzi-guneak eta tertuliak maskulinizatuta daude. Gune hauek orekatu ditzaketen emakume kazetari eta aditu nahikoa baino gehiago badago.
  7. Begirada partziala eta ikuspuntuen inguruko kezka. Emakume kazetariok sufritzen ditugun arrakala hauek guztiak ondorioak dituzte, bai edukietan zein hedabideen ikuspuntuetan ere. Transmititzen duten errealitatearen ikuspegia partziala da sarritan eta ez da osoa izaten askotan ez dituelako neurri berean kontuan hartzen emakumeen esperientziak, kontakizunak eta bizipenak; emakumeak askotan bigarren mailako pertsonaia gisa edo estereotipoz beteta tratatzen dira. Indarkeria matxistaren trataera da honen adibidea, askotan biktima errudun gisa tratatzen jarraitzen baita. Lehen orrialdeak, hedabideen eta albistegien hasierak gizonek erabakitzen dituzte.

Irakurleak – gizon zein emakume – gure eskaeretan konplize izatera premiatu nahi ditugu. Manifestua sinatu dugun emakumeok banakako gisa egin dugu eta ez dugu nahi inongo alderdi politikorik, sindikaturik edo hedabiderik gure aldarrikapenetaz jabetzea.

Manifestu hau datorren martxoaren 8an, 12:30ean, Madrilgo Callao Plazan irakurtzeko deia egiten dugu, eta Estatuko beste hirietan beste hainbeste irakurketa antolatzera animatzen zaituztegu. Bartzelonako kideek, adibidez, ordu berean irakurriko dute Montserrat Roig lorategietan.

Bat egin nahi baduzu, zure izen eta abizenak inprimaki honetan idatzi eta atxikipen zerrendan gehituko zaitugu. Emakumeak bakarrik, mesedez.

(Sinadurak 10.00etan, 16.00etan eta 20.00etan eguneratzen dira)